Aldizkari Digitala

Jon Arretxe: "Bidaietan beti galdetzen didate ea ezkonduta nagoen"

Hogeita hamahiru urte ditu, Basaurikoa da, Euskal Filologian doktore, pianoko ikasketak ditu, triatloian aritzen da. SHEE/IVEF bukatzen ari da, irakasle da unibertsitatean, idazle da, eta bidaiazale amorratua.

Leku gehienetara bizikletarekin joaten da bizkaitarra. Dena den, ez dugu bakarrik bere ibilaldiez berba egin, irakurriko duzuenez.
 

HABE.- Irakasle zara Majisteritza Eskolan. Greban egon zarete egun batzuetan. Zergatik?

JON ARRETXE.- Bai. Azkeneko hiru aste hauetan. Batez ere irakasle faltagatik. Arrazoi osoa daukate ikasleek. Ni sartu berria naiz, eta orain hasi naiz konturatzen. Gauza asko ez dabiltza lar ondo, eta irakasleak falta ziren heziketa fisikoan. Azkenean lortu dute halako partxe moduko bat aurrera egiteko, baina arazoa ez dago erabat konponduta.


“Jenderik atseginena Malin aurkitu dut”

H.- Eta irakasleek bat egin duzue ikasleekin…

J. A.- Beno, denetik izan da. Irakasle askorentzat izan dira oporrak, beste batzuek zerbait egin dute, ikasleekin bat egiteko orri bat sinatu eta abar…

H.- Eta ikasle ere bazara, SHEE amaitzen ari zara.

J. A.- Aspaldiko partez. Ikasgai bat falta zait bukatzeko: nahita luzatzen ari naiz ikasle-bizimodua. Gustura nago giro horretan.

H.- Eta musika-ikasketak ere eginak.

J. A.- Pianokoak.


Hakuna Matata, Tubatu eta Urrezko Triangelua

H.- Hakuna Matata  zure liburuan ere pianoa jotzen du Paul pertsonaiak.

J. A.- Bai. Lehenengo ipuinean. Autobiografikoa ez da, baina nire eskarmentua aprobetxatu egiten dut.

H.- Zuk ere askotan jotzen duzu?

J. A.- Egia esan behar badizut, ez.


“Askotan pentsatzen dugu bizkaierako lexikoa ez dela batua”

H.- Zu euskaldun berria zara, Hakuna Matata Labayrurekin atera zenuen bizkaieraz, gero batuan Elkarrekin…


J. A.- Autodidakta naiz. Basauri ez da oso euskalduna, baina aitaren anaia euskalduna da, lehengusu batzuk; nire atarian, etxeko andreak, ogi saltzailea, esne saltzailea. Horregaz danagaz apurka-apurka ikasi nuen bizkaiera. Eta Labayrukoek egin zidaten proposamena: “Zergatik ez dozu idazten bildumatxo bat?”. Eta gero batuan idatzi dut, baina nongoa naizen ahaztu gabe. Askotan bizkaitarrei pasatzen zaigu gaizki-ulertze asko: pentsatzen dugu bizkaierako lexikoa ez dela batua, eta hori ez da horrela.

H.- Asko kostatzen zaizu idaztea?

J. A.- Nahiko astiro idazten dut. Behar dut denbora eta lasaitasuna, giro isila, bakartia. Karrantzako bainuetxera joan izan naiz idaztera, edo Silosko monastegira. Oso leku ederra da Karrantza; Bizkaiko lekurik handiena eremuz. Gero zuzenketa asko egiten ditut, konfiantzazko lagun batzuei eman, ohar guztiak jaso…

H.- Idazleak eskoletara joaten dira beren liburuei buruz berba egitera, eta Euskal Idazleen Elkartetik ere hori bultzatu egin nahi da. Zu sartuta al zaude ekintza horietan?

J. A.- Aurten sartuko naiz lehendabiziko aldiz. Bestela ere ibili izan nahiz euskaltegitan eta… Diru gutxirekin joaten naiz bidaiak egitera, argazki-kamera txiki bat eramaten dut, nahikoa filmina onak egiten ditu, zama gutxirekin noala esan nahi dut… Eta bidaiak nahikoa merke ateratzen zaizkit, baina dirua atera behar da nonbaitetik: bekak, literatura-sariren bat… Horregatik aukeratu nuen unibertsitatea beharrerako.

H.- Afikan izan zara, basamortuan ere bai Aljerian… Basamortua, gogorra ez?


J.A.- Basamortuaren oroitzapena da gogorragoa basamortua bera baino. Basamortuko sentierak oso gogorrak izan ziren, oso fisikoak: beroa, hotza, gosea, bakartasun itzela, handik irteteko beharra, beldurra… Ez zen izan batere poetikoa, erromantikoa. Baina zerbait magikoa badu. Handik irtetean sentitu nuen erakargarritasuna, eta hori da buruan gelditu zaidana.

H.- Non egon zinen basamortuan?

J. A.- Atlasa pasa eta gero esan liteke desertua hortxe hasten dela: herrixkak daude, baduzu non jan, non edan, baina hori amaitzen denean, Aljeria eta Maliren artean, Tanezruft-en dago, desertuen desertua. Hitzak berak hori esan nahi du: ezer ez dagoen lekua: ez dago dunarik, ez dago arbolarik, ez dago herririk, itzelezko lautada. 11 egun egin nituen. Galtzeko arriskua dagoen? Pixka bat bai. Eta, galtzen banintzen, inor ez zen nire bila etorriko. Hori banekien. Baimena behar da hor sartzeko; eta, baimena lortzeko, joan behar duzu lagunen batekin, eta motorrezko ibilgailu batekin, eta joan nintzen bakarrik eta bizikletan. Lapurren beldurra nuen, todoterrenoak husten ibiltzen dira, eta dirua kentzen… Baina jada ez zen hortik turistarik pasatzen.

H.- Eta dirua tubularrean…

J. A.- Hor bakarrik ez. Jarlekuaren tutuan, erreminten artean… eta beste zati bat karteran, lapurrak etortzen badira, hori emateko.

H.- Eta nola agoantatzen da bakardadea?


J. A.- Filosofiarekin. Aldez aurretik burua ondo prestatuta, ze hori da itzelezko bakardadea: “bakarrik egongo naiz, txarto pasako dut…”

H.- Eta oasiak?

J. A.- Ez dira batere erromantikoak, ez dago palmondorik, ez gamelurik, ez beduinorik. Zulo bat eta motobonba bat, eta norbait zaintzen, etxetxo xahar bat, gasolina pixka batekin, kotxe zahar abandonatu bat ondoan…


Bertakoekin harremanak

 

H.- Garrantzizkoena bertakoekin berba egitea da…

J. A.- Jakina! Nire helburua ez da basamortua zeharkatzea, ez oihana, hori aitzakia da jendea aurkitzeko. Ni joan egiten naiz, eta bizimodua ezagutu.

H.- Zer galdetzen duzu?


J. A.- Erantzun egiten dut gehiago. Nongoa zara? Zenbat urte dauzkazu? Ezkonduta zaude? –hori beti galdetzen dute– eta zergatik zatoz bakarrik? Eta zergatik bizikletan? Ez daukazu dirurik hegazkinean ibiltzeko? Zuria eta bizikletarekin, hori ezin dute lotu. Teorian zuria aberatsa da, edo eroso bizi dena… Eta zuk esango diezu ba harremanak errazago lortzeko joaten zarela bizikletan, eta munduaren ikuspegitxo bat azalduko diezu mila aldiz, baina ez dute ulertzen. Bizikleta da motorrik erosteko dirurik ez duenarentzat.


Hirugaren Munduan zuria dirua da, ziurtasuna, dena

H.- Eta haur batzuk harrika…

J. A.- Hori Pakistanen gertatu zitzaidan, Karakorum-go bidean. Haran batzuetan nahiko jende basatia zen, eta atzerritarrak ez zituzten ikusi ere egin nahi. Eta gainera praka motzekin. Eta umeak harrika, baina hurrengo haranean igual oso atseginak… Jenderik atseginena leku pobreenetakoan aurkitu dut, Malin, Afrika Beltzean. Hori Tubatu liburuan kontatzen dut. Senegal ere azaltzen da liburuan. Aurretik egon nintzen Kenian eta Tanzanian. Zenbait lekutan bizi-esperantza 45 urtekoa da, gaixotasun asko, eskaleak…

H.- Tubatu aitatu duzu. Begira zer dioen Pako Aristik Ostiela aldizkarian: “Tubatu irakurtzen ari ginen epai-mahaikideek zera komentatzen genuen, harrigarria zela Afrikan zehar egindako bidaia batean larrujotze bat ere ez agertzea… Guk seminaristatzat geneukan Jon Arretxe…”

J. A.- Ez nintzen horretara joan. Urrezko Triangelua irakurtzen badu, ez du hori esango Aristik.

H.- Urrezko Triangeluan Nittayak ezkontzeko proposamena egiten dio pertsonaia bati. Ezkontza beti presente bidaian…

J. A.- Hori fikzioa da. Baina prestijioa eta dirua dago tartean. Ez da guapoak garelako. Zuria da dirua, ziurtasuna, dena. Emakume gehienak prest daude ezkontzeko atzerritar batekin, ea zeure herrira eroaten duzun, eta berdin da 20 urte eduki edo 60.

H.- Hemen bada “Estrangeri Legea”. Lege hori bigunagoa balitz, jendea uholdeka etorriko litzatekeela. Hori uste al duzu?

J. A.- Ziur. Miseria gorrian bizi dira. Tristea da: malitarrak eta senegaldarrak han ikusten dituzu, ze ondo hartzen zaituzten, eta guk hemen nola hartzen ditugun… Ikusten dituzu kalean erloju saltzen… Baina badakite nahiz eta horrela bizi, eta 20 lagunek pisu batean egon behar izan, hobeto biziko direla hemen. Eta Europako mugak irekita, hau afrikarrez beteko litzateke, milaka eta milaka eta milaka. Jende-mordoak eskatu dit helbidea: joateko baimena eskatzeko, esango dut nire laguna zarela. Bidaia luzatzen denean, ni ere gustura itzultzen naiz etxera, kanpotik etortzen naizenean asko estimatzen ditut “txikikeriarik” handienak: belarretan etzanda egon, garagardo bat hartu terraza batean, edo telebista ikusi. Kanpoan zaudenean esaten duzu: “Hemen gustura nago, eta ez dakit inoiz itzuliko naizen, edo itzuliko naizen ere”. Baina hemen badituzu sustraiak, eta sentitzen badituzu sustrai horiek, oso zaila da hona ez itzultzea. Badakit itzuli egingo naizela.

H.- Nahiz eta Amazonian jaguar batekin topo egin aurrez aurre.

J. A.- Bai. Juxtu nire aurretik jaguarrak txirrindulari bi jan zituen. Eta aurkitu zituzten zatika bide horretan, eta gero nik aurkitu nituen leku berberean. Beldurra!... Zenbat denbora egin nuen? Hilabete bi.

H.- Eta kanpoko lagunek idazten dizute hona?

J. A.- Batzuek bai. Benetako lagunak egiten dira. Haientzat esperantza txiki bat da, eta nik ez diet hori kendu nahi.

Hiztegi lagungarria

ASTIRO: Mantso, poliki. Aurkakoa: azkar, arin.
BASAMORTU: Desertua. Desierto.
BASATI: Basa+ti. Salvaje. Era berean: negarti, kakati, lotsati…
BIZI-ESPERANTZA: Esperanza de vida.
EREMU: Saila, esparrua. Extensión.
EROAN: Eraman. Llevar.
ESKALE: Eskekoa, errumesa. Mendigo.
ESKARMENTU: Esperientzia.
GAIZKI-ULERTZE: Gaizki-ulertua. Malentendido.
GAMELU: Camello.
HARAN: Ibarra. Valle.
HARRIKA: Harri+ka. A pedradas.
HEZIKETA: Hezi+keta. Educación.
IBILGAILU: Ibil+gailu. Vehículo.
ITZELEZKO LAUTADA: Lautada ikaragarria. Tremenda llanura.
LAR ONDO: Oso ongi.
LEGEZ: Bezala. Como.
SINATU: Izenpetu. Firmar.
SUSTRAI: Zaina, erroa. Raíz.
TUTU: Tubo.
UHOLDEKA: Uholde+ka. En tromba.
ZAMA: Pisua. Carga.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C1
May 16, 1996
Number: 1287207
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 8677