Aldizkari Digitala

Josebe Iturrioz: "Denok izan beharko genuke oso feminista"

Telebistan agertzen hasi zenetik, Josebe Iturriozen (Ordizia, 1978) aurpegia ezaguna da askorentzat. Hain ezaguna denez gero, askotan "oso zaila" egiten zaio kalean ibiltzea begiradarik jaso gabe.

Famaren alderdi hori ez da samurra izaten ari berarentzat, baina telebista “norabide bikoitzeko ibilbidea” dela onartzen du; izan ere, “gure aldarrikapenak eta arrazoiak azaltzeko plaza egokia ere bada”.
Gaur egun, Gipuzkoako Foru Aldundian egiten du lan, berdintasun-aholkulari. Feminismoaren garrantzia aldarrikatzen du “sistema desorekatu honi aurre egiteko” ardatz gisa eta ez dauka zalantzarik: “Agintariak feministagoak izango balira, arazo asko konponduko lituzkete”.

Berdintasun-aholkulari ari zara Aldundian. Lan handia duzu?
Bai, lan-pila bat. Oro har, berdintasun-teknikari batek edozein tokitan egin dezake lan, baina administrazioan lan handia dago egiteko, barrura eta kanpora begira.

Gabezia handiak daude oraindik.
Pertsonek uste dute neutraltasun batean bizi garela, neutraltasun formalean. Baina ez gara konturatzen gauzak, neutralak direnean, nahiko sexistak izaten direla. Gure lana kontzientziatzea eta egiteko erak aldatzea da. Hori oso zaila da. Grekoek esaten zuten gizona “denaren neurria” dela eta oraindik ez dugu ideia hori kentzea lortu. Horregatik ez da erraza pertsona batzuei euren lanak sexismoa sustatzen duela esan beharra, edo bere burua neutraltzat hartzen duen inori emakumea diskriminatzen duela. Pertsona horiek, azken batean, jabetu egin behar dute, eta lortu behar da haiek esatea “ez naiz ondo ari”.

Ziur horrek ika-mika bat baino gehiago eragingo zizula.

Garrasika atera naiz bulego askotatik (kar, kar). Pentsa, adibidez, arkitekto bati esan behar diozula, herria planifikatzen ari denean, hartzen dituen erabakiek badutela genero-ikuspuntua, edo diru-kontuak eramaten dituenari aurrekontuei genero-ikuspegia txertatu behar zaiela. Askotan ez dute ulertzen, baina denborarekin lan polita egin daiteke, jende horrek ikusten duelako zein garrantzitsua den generoa txertatzea. Gauza hauek lantzen ditugunean, hasieran erresistentzia itzelak izaten ditugu, gai garrantzitsuak direlako.



Feminismoaren garrantziaz gero eta gehiago jabetzen gara?
Bai. Gure gizarteak oso feminista izan behar du, bai gizonezkoek eta bai emakumezkoek. Matxismoak eragiten du gizonezkoak eta emakumezkoak oso tontoak eta tuntunak izatea. Feminismoa ez da emakumeentzako gauza bat bakarrik, baizik eta gizartearen onurarako era askotako pentsamendu bat; horregatik, sakon landu beharko genuke. Baliagarria da gauza guztientzat.

Aurrerapausoak eman al dira?

Historian, feminismoak indar-kolpeak izan ditu, olatuak. XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran emakume-pila bat ibili zen munduan zehar bozka eske. Hori lortzean, erlaxatu egin ginen. 1949an, berriz, Simone de Beauvoirrek Bigarren sexua idatzi zuen eta 60ko hamarkadako bigarren olatua heldu zen. Garai hartan, Espainian ez zegoen abortu-eskubiderik, ezin ginen dibortziatu, ezin genuen kontu korronterik ireki, ezin genuen gida-baimena eduki… Kolpe horiei esker, eskubideak lortzen ditugu eta lasaitu egiten gara. 80ko hamarkada igaro eta gero, feminismoak gauza asko lortu zituen, 90eko hamarkada pasatu eta gero, beherakada bat egon zen. 2000. urtetik aurrera, berriz, berriro igotzen hasi gara, beste era batera. Berriro indartzen ari gara. Munduan zehar ekintza-pila bat ikusten dira, emakumeak biluztu egiten dira protesta egiteko. Feminismoa olatuka doa, konturatzen gara gauza asko lortu ditugula, eta gero konturatzen gara berriro ere gauza asko daudela lortzeko. Horixe da feminismoaren historia, gora eta behera. Orain gora ari gara berriro.

Euskal Herrian ere gorabeheratsua izan da feminismoaren ibilbidea?

80ko hamarkadan, abortuaren auziarekin, mugimendu feminista indartu egin zen. Ondoren, 1986an, Emakunde sortu zen eta hor feminismoa erakundeetan sartzen hasi zen. Honek mugimenduari indarra kendu zion, baina, denborarekin, polita izan da, feminismo instituzionalak asko ikasi duelako feminismoaz eta gaur egun biak daude indartsu. Horrexegatik izan daiteke garai ona gauza berriak eta indartsuak egiteko.

Instituzioek nahikoa egiten al dute berdintasunaren borrokan?
Ez, argi eta garbi. Agintzen duten alderdiek ez diote garrantzirik ematen eta askoz gehiago egin behar dute. Beste alderdi askok, berriz, feminismoa diskurtsoan bakarrik aipatzen dute. Programan lehentasuna ematen diote, baina hori gauzatzerakoan, ez da egia. Berdintasunaren aurka hitz egiten duen politikorik ez duzu topatuko, ondo geratzen da, modan dago, baina hortik aurrera ez dute ezer egiten. Euskal Herrian adibide argiak ditugu, Alardearekin, esaterako, Irunen eta Hondarribian. Lan sakona egin beharko lukete guztiek.



Behin baino gehiagotan entzun dugu nola kritikatzen duzun futbola. Zergatik hori?
Ez da nahastu behar jolasarekin. Niri futbolean jokatzea gustatzen zait, baina futbola ez da kirola, fabrika baizik; maskulinitate hegemonikoaren fabrika erraldoia. Futbolariek maskulinitatea defendatzen dute. Bestela, zergatik ez dago futbolari maritxurik? Zergatik ez dago emakumezkorik futbolean? Futbolak emakumeak ezkutatzen ditu, eta hori da bere arrakasta. Askok esango dute badagoela, baina ez da egia. 

Emakumezkook indarkeriaren objektu izateko hezten gaituztela diozu. Azaldu hori.

Jendea harritu egiten da esaldi honekin, baina oso erraza da. Ume txikiei begiratzea besterik ez dago hori ulertzeko. Umeak etengabe trebatzen dira indarkerian. Jostailuen katalogoak nolakoak dira? Oraindik arrosaren eta urdinaren arteko banaketa izaten jarraitzen dute. Baina ez da kolore-kontua bakarrik. Mutilentzat, gorputza indartzeko jostailuak eta jolasak dituzte. Neskentzat, aldiz, maitatzeko eta zaintzeko jostailuak daude.

Beraz, gizonezkoei indarkeria nola erabili erakusten die gizarteak.
Gizonezkoei indarkeria eta emakumezkoei pasibotasuna, baina banaketa hori ez da naturala; gizarteak sortu du. Oso gogorra da horrela esatea, baina jolasen bitartez gizarteak erakusten die gure umeei gizonezkoak indarkerian ondo aritzen direla eta emakumezkoak ez. Telebista ere adierazgarria da. Etengabe sortzen du gizon indartsu horren ideia. Zenbat emakumezko heroi ezagutzen ditugu? Hipokresia handia dago; izan ere, gizarteak berak ekoizten du banaketa hori eta gero salatu egiten du gizarteak ekoiztutako hori, bortxaketak edo erailketak, beste batzuen artean. Gizarteak erakusten die gizonezkoei indarkeria erabiltzen, ez naturak.

Aukeratu ezazu arloz arlo emakume bana.
Lan zaila jarri didazu, pila bat ezagutzen ditut-eta.
Euskara: Maialen Lujanbio.
Historia: Safo.
Hezkuntza: Mari Jose Urruzola.
Kirola: Edurne Pasaban.
Kazetaritza: Maialen Iriarte.
Politikagintza: Laura Mintegi.
Telebista: Paloma Zorrilla.

Segidan, azken galderari Josebek nola erantzun dion ikusi ahal izango duzu bideo labur honetan:

Transcription:[+] Transcription:[-]

Noelia Lataburu.- Feminismoa oraindik ere zerbait txarra bezala ikusten dute askok. Zergatik eman zaio kutsu hori?
Josebe Iturrioz.- Nik uste estrategia bat dela orokorrean, matxismoaren estrategia bat, ez dena oso konsziente (ekologismoarekin ere batzuetan gertatzen da batzuetan baina ez hainbeste). Ez dago mugimendu bat hainbeste lortu duena, hain ona izan dena, hain anitza dena, hain baketsua izan dena eta hain fama txarra duenik. Eta nik uste hori gertatzen dela emakumeengan, hezitzen gaituztelako, guk deitzen diogu “insolidaridad femenina”, elkartasun eza batean. Eta horrela hezten gaituzte sisteman parte hartzeko. Feminismoak egiten duena da hori apurtu, emakumeak bildu, beraien arteko elkartasuna landu, eta errealitatea beste era batera deskribatu. Eta errealitate hori deskribatzen dugunean era oso kritiko batean egiten dugu. Eta hori oso gogorra da. Oso gogorra da emakumeak zure ondoan izatea, adibidez, hizkuntza sexista. Zenbat molestatzen die asanbleatan, emakumezkoak erderaz hitz egiten dugunean hizkuntza ez sexista erabiltzea? “Todos” eta “todas” esatea. Tontakeria bat da, nik gomendatzen dut dena femeninoan egitea, eta orduan konturatuko dira beraiek noraino den garrantzitsua aipatuak izatea. Emakumeak ez gaituzte ezta aipatzen, ez? Orduan, gure gizartea oso erosoa dago feministak alboratzen dituen bitartean. Gertatzen ari dena da nik uste azkenaldi honetan jabetzen garela ezin dugula alde batera utzi feminismoa.
 

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Mar 8, 2013
Number: 1257545
Dialect:
  • Batua
Duration: 01:33
Number of visits: 14485