Aldizkari Digitala

Mintzanet.net, euskara praktikatzeko beste aukera bat

Maramara taldeak Donostiako Udalaren, Topagunearen eta beste erakunde batzuen laguntzarekin Internet bidez euskara praktikatzeko, mintzanet.net erreminta martxan jarri du. Proiektua Donostian jaio bada ere, munduko edozein euskara-hiztunek erabiltzea da helburua.

Maramara taldeak urteak daramatza hizkuntza-zerbitzuak lantzen eta, batez ere, euskararekin lanean. Hala, Mintzalagun formulan oinarrituta, iaz Mintzanet.net sortu zuten, Donostiako Udalaren Euskara Zerbitzuak babestutako ekimena.

Mintzanet-ek orain arteko Mintzalagun ekimenak baino askoz aukera gehiago ematen ditu. Hala azaldu du Maramara taldeko arduradun Ritxi Lizartzak: “Azken finean mintzalagun, berbalagun edo mintzakideek kokapen geografiko zehatz bat behar dute, jendea non batu eta hitz egiteko. Baina Internet bidez mugikortasun geografikoa ikaragarria da”. Hain zuzen ere, edozein lekutatik konektatu daiteke eta solaskidearekin elkarrizketa egin, zauden lekuan zaudela.

Sistema honetan bi mintzakide mota daude: batetik, bidelaria; eta bestetik, bidelaguna. Lehenengoa da euskara praktikatzeko beharra edo gogoa duena. Eta bigarrena bidelariari euskaraz mintzatzen lagundu nahi diona. Biak dira ezinbestekoak proiektu honetan.

Doaneko zerbitzua
Bidelagunak euskaran jantzia behar du izan, nahiz eta ez dion inork titulazio berezirik eskatuko. Bidelariari, berriz, eskatzen zaion gauza bakarra da gutxieneko euskara-maila bermatzea. Bidelagunek borondatezko lana egiten dute eta ez dute ezer kobratzen. Horri esker, zerbitzua doanekoa da erabili nahi duen jende guztiarentzat.

Plataforma berri honek ‘Luzatu haria euskarari’ du leloa, plataformaren ezinbesteko baliabidea Internet delako: “Jende asko dago ingurune euskaldunik gertu ez duena; bada, aitzakiarik gabe, Interneten aukeraz baliatuta nahi duen guztiak euskara praktikatu ahal izango du”. Lizartzak adibideak ditu buruan: “Nik irudikatzen dut pertsona bat lantokian, edo etxean bazkaria prestatzen; izan daiteke, baita ere, gaixo bat zaintzen. Bere telefonoarekin eta entzungailuekin doan hitz egin dezake munduko beste muturrean dagoen beste norbaitekin”.

 

 

Koordinatzailearen papera
Interesatuek, bai bidelariek bai bidelagunek, izena ematean, duten euskara-maila, adina, zaletasunak eta euskaraz hitz egiteko ordutegia zehaztu behar dituzte. Koordinatzaileak datu horiek baliatuta, bidelari eta bidelagunen arteko bikoteak osatuko ditu. “Ordutegiena datu garrantzitsua da gure asmoen arabera Argentinan, Txilen, AEBetan zein beste herrialde batzuetan daudenek ere Mintzanet erabiliko dute-eta”, diosku Lizartzak.

Hasieran bikoteak osatzeaz gain, koordinatzaileak begiztatuko du egindako loturek emaitza onak ematen dituzten; eta kontrakorik balego, berriak egingo lituzkete.

Ekimena aurkeztu eta lehen egunetan, 150 lagunek eman zuten izena Mintzanet-en parte hartzeko. Gerora, zenbaki horiek handitzen joan dira eta bide onean doazela uste dute Maramara taldekoek. Nahi duenak izena eman dezake; izen-ematea zabalik dago.

Ordu erdiko elkarrizketak
Antolatzaileen proposamena da erabiltzaileek ordu erdiko elkarrizketak egitea eta gehienez astean behin edo birritan aritzea. Horren arrazoia da bidelagunei lan eskerga handirik ez ematea batetik; eta bestetik komunikazioa erraztea. “Kontuan hartu behar da Internet bidez komunikatzeko errekurtso gutxi daudela, komunikazioa batez ere ahozkoa delako. Ezin zaie keinu eta bestelakoei antzeman. Horregatik, ordu erdi denbora nahikoa dela aurreikusi dugu”.


Skype, eskura dagoen baliabide erraza
Maramarakoek zerbitzu hau diseinatzerakoan pentsatu zuten plataforma bat sortzea, Interneterako eta eskuko telefonoetarako balio zezakeena, baina bidean ikusi dute skype oso erraza dela erabiltzeko eta oso hedatuta dagoela, jende guztiak ezagutzen baitu. Horregatik, une honetan berau da Mintzanet erabiltzeko erreminta. Eta, horrez gain, laguntza eskaini nahi dute: “Norbaitek ezagutzen ez badu, oinarrizko ikastaroak antolatzeko asmoa dugu jendeak jakin dezan skype deskargatzen eta erabiltzen”. Hala ere, gerora edozein euskarri elektronikorekin erabiltzeko moduko plataforma sortuko dutela uste du.

Lerro hauek idazterakoan, koordinatzaileek oraindik ez zituzten bikoteak osatu, baina Maramaratik jakinarazi dute dagoeneko erabiltzaileak hasi direla librean elkarrizketak izaten. “Zaletasun, adin eta ordutegien arabera banatu ez baditugu ere, erabiltzaileek eurek ikusi dute beste batzuk ere barruan sartuta daudela eta harremanetan hasi dira. Hortaz, gustura daudenak hala utziko ditugu”. 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

  • Date : 2013/01/21
Pozten nau berri honek, euskaldun giroa ez dugunontzat oso baliarriagoa da eta. Duela urte batzuk hasi nintzen, hemen Irunen, mintza-praktika taldeekin euskara lantzeko. Urtero-urtero joaten nintzen eta oso gustora, gainera. Hala eta guztiz ere, aurten -krisiaren ondorioz diotenez- egitasmo hau ez du jarraipenarik izan. Penagarria izan da niretzat, benetan.
Momuntu hau aprobetxatuz eskertzen nahi diet euskara hobeto hitz egiteko lagundu ziguten guztioi. Astero-astero, haien eginbeharrak uzten zutelako guri eskeintzeko. Musu trukearen bidez.
Eskerri asko.
Showing 1 result.