Aldizkari Digitala

Wikipedia entziklopedia, euskara ikusgarri Interneten

Wikipedia eduki askeko entziklopedia bat da, lankidetzaz editatua, eleaniztuna, Interneten argitaratua, Wikimedia Fundazioak –irabazi asmorik gabeko erakundeak– sustengatua. Euskarazko Wikipediak edo Euskal Wikipediak 2001eko abenduaren 6an eman zituen lehen pausoak. Gaur egun 150.000 artikulutara iristear dago. On line dagoen euskarazko entziklopedia bizi honi buruz gehiago jakiteko, Informatika-ingeniaria izateaz gain, 2006tik wikilaria den Arkaitz Zubiagarengana jo dugu.

Arkaitz Zubiaga 2006an hasi zen Wikipedian ekarpenak egiten eta beste wikilari askok bezala, bi arrazoik erakarri zuten proiektu honetara batzera: “Modu kolaboratiboan entziklopedia sortzeko eta euskarak sarean duen presentzia sustatzeko ematen dituen aukerak”. Wikipedian parte hartzeko borondatea besterik ez da falta edo beste modu baten esanda, “Interneterako sarbidea duen ordenagailua eta parte hartzeko gogoa”.
Hala, gaur egun hilero bosna ekarpen baino gehiago egiten dituzten ia 100 erabiltzaile daude euskarazko Wikipedian; eta etengabe erabiltzaile berriak gehitzen ari dira proiektura.

Komunitateak komunitatearentzat
Irabazi asmorik gabeko Wikipedia Fundazioak sustengatzen du Wikipedia; eta euskarazko Wikipediak ere, proiektu doako eta askea izateko helburuarekin, publizitatea jartzeari muzin egin eta komunitatera jotzen du diru-laguntza eske. Horregatik, urtero azaro-abendu aldera egiten dute diru-laguntzen eskaera-kanpaina.

Funtzionamenduari dagokionez, boluntarioek egiten dituzte ekarpenak batez ere. Bakoitzak bere gai kuttunak ditu, ondoen menperatzen dituenak, eta horien gainean idatzi ohi du gaia aberastu asmoz. “Dena dela, artikuluen idazkera eta itxura uniformeari eusteko”, guztien artean erabakitako arauak ere badituzte. Eta, horrez gain, zalantzarik izanez gero elkarri galdetzeko ohitura dago.

Lehiaketa eta deialdi bereziak
Jende desberdina euskarazko Wikipedian inplikatzea eta hurbiltzea lortzeko, zenbait ekimen antolatu izan dira. Hala nola, Wikipedia Lehiaketa Zientziaren Astearen barruan, Iñaki Ugarteburu Saria… Horrelako ekimenek laguntzen dute jendea erakartzen eta, ondorioz, ekarpen-kopurua izugarri igotzen da halakoetan.
                                                                    
Wikipedian parte hartzen hasteko modurik errazena akatsak konpontzea dela esan digu Zubiagak. Hain zuzen ere, norbaitek esekitako artikuluren baten ortografia edo informazio-akatsik aurkituz gero, ‘Aldatu’ botoian klik egin eta zuzenketak egin ditzake.

Wiki filosofia
Askotan entzun ohi dugu wiki filosofia deritzon esamoldea eta Zubiagak argitu digu Wikipediaren beraren zentzuan ezinbestekoa dela filosofia hori: “Horri esker elkarlanean eta demokratikoki sortu daiteke informazioa. Hain zuzen ere, artikulu bat sortzean wikilari batek idatzitakoari norberak dakiena erantsi diezaioke erraz, guztion artean artikulu osatuago bat lortuz”. Modu honetan, gainera, Wikipediaren helburu nagusia betetzen da: guztion ezagutza biltegi aske bat eskaintzea.

Edukien lizentzia askea
Gaur egun ohikoa bada ere, hastapenetatik Wikipediako eduki guztia, irudi batzuk izan ezik, GNU, GFLD zein Creative Commons lizentzien baldintzapean berrerabil eta alda daiteke. Zubiagaren ustean, horrek garrantzia handia du Wikipediaren arrakastan: “Lizentzia aske bat erabiltzeak informazio hori bere horretan behar dugunerako aukera ematen digu, eta hori ez dute ohiko entziklopediek inondik inora eskaintzen”.

Bilakaera izugarria
Edukietan ere bilakaera ikaragarria izan du euskarazko Wikipediak, bai artikuluen kalitatean eta baita kopuruan ere. Lehen 1.000 artikuluak sortzeko, bi urte baino gehiago behar izan ziren 2002 eta 2004 bitartean, baina gaur egun 20.000 artikulutik gora sortzen dira urtero. Izan ere, aurki 150.000 artikulutara iritsiko da.

Azken urteotan horretan zeresana izan du Eusko Jaurlaritzaren ekimenez Lur entziklopediako edukiak Wikipedian txertatu izana, besteak beste. “Pauso oso garrantzitsua da, eduki horiek lehenago sortuak baziren ere, eguneratzeko aukerarik ez zegoelako; eta orain edonork elikatu ahal izango ditu”.

Euskal Herriko eta nazioarteko onespena
Wikipediako sortzaileetako bat den Jimmy Walesek 2007an Euskal Wikipedia hizkuntza txikien wikipediak izateko zentzuaren adibide arrakastatsu gisa ipini zuen, eduki ugari sortzeaz bat hizkuntzari, euskarari, Interneten ikusgarritasun handia ematen diolako. Euskal Herriari dagokionez, Wikipediak jaso dituen sari eta onespenen artean nabarmentzekoa da 2008an Interneteko Argia Saria jaso zuela.

Testua: Iker Barandiaran Zubiate (Arteman Komunikazioa)
Irudiak: Arkaitz Zubiaga eta Wikipedia

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment