Aldizkari Digitala

Maurice Ravel

"Boleroa", Ziburuko itsas bainu baten emaitza izan zen.

Maurice Ravel (1875-1937) musikari famatua, “Bolero” ezagunaren egilea, Lapurdin jaio zen, Ziburuko herrian. Hilabete gutxi zituela, Parisera joa zen familia osoa. Amak euskaraz egiten zion semeari, baita Gaxuxa neskameak ere. Diotenez, amak erakutsi zion euskal musika maitatzen.

Maurice 6 urterekin hasi zen pianoa jotzen ikasten.  Mutila maiz gogoz kontra joaten zen ikastera eta amak dirua ematen zion joateko. 14 urterekin Parisko kontserbatorioan sartu zen, eta 16rekin lehen piano-lehiaketa irabazi. Jadanik bazekien zerbait: nahiago zuen musika sortu jo baino. Lehen obra 18 urterekin sortu zuen.  Gutxira bigarrena, Parisen oso estimatua: “Pavane pour une infante défunte” . 

1900: udako oporrak eta “Les Apaches” taldea

1900 urtean hasi zen udako oporretan jaioterria itzultzen, Ziburu herrira. Eta orduantxe sortu zen Frantzian “Les Apaches” taldea. Kideak: Ravel, Manuel de Falla, Igor Stravinsky, Sordes pintorea, Fargue poeta…  Taldea artista-giro ofizialetik kanpo zebilen. Agian horregatik ukatu zioten Raveli hainbestetan Erroma saria, 30 urtetik beherako musikarientzat sortua. Dena den, Lehen Mundu Gerrak hori guztia zapuztu zuen. 

Ravelek ez zuen gerra-giroan musika sortu nahi, soldadu joan baizik. Hasieran ez zuten onartu, baina urte eta erdi saiatuta gero lortu zuen, kamioilari gisara. Ravel azkar gaixotu zen, eta erietxe militar batetik atera zen ama hiltzen ikustera. 

Ida Rubinstein dantzari ospetsuak beretzat lan bat sortzeko eskatu zion, eta Ravelek Boleroa egin zuen. Berak zioenez, Ziburun bururatu zitzaion, itsasoan bainatu ondoren. Obra 1928an estreinatu zen, Parisko Operan. Oso pieza bitxia da, beti erritmo berean jo behar da, baina piezak aurrera egin ahala indartsuago, eta musika-tresna gehiagorekin. Obrak izugarrizko arrakasta izan zuen, eta Amerikatik eta Europatik –Euskal Herritik barne–, deitzen zioten Boleroa jotzeko edo lan horren orkestra-zuzendari izateko. Beste orkestra-zuzendari batzuek ere joarazi zuten Boleroa, eta batzuekin haserretu egin zen Ravel azkarregi joarazten zutelako.

Ezkerrean, altuena, bere jaiotetxea.

Esan bezala, Ravel oso ezaguna zen. Jendeak autografoak eskatzen zizkion, baina azken urteetan asko makaldu zen: eskuetan indar gutxi, loezina, amnesia eta afasia-uneak… 1937an hil zen, guztira 66 obra idatzita.

Mundu osoan ezaguna

Cantinflasek eta Bo Derekek pelikulak egin zituzten Boleroan oinarrituta –edo hori aitzakia hartuta–, eta mundu osoan aurki daitezke musikariaren izeneko hainbat kale, plaza, etorbide, ostatu, musika-areto edo dantza-eskola. Adibidez, Australian, Malagan, Parisen, Donostian, Bilbon, Gasteizen, Iruñean, Donibane Lohitzunen, Barakaldon… Eta noski, bere jaioterrian: Ziburuko kaia batek bere izena du: Maurice Ravel.

 

Euskadi Irratiaren entzungaia Maurice Ravelen biografiarekin.

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Hilabete gutxi zituela. Hilabete gutxirekin.
Gaxuxa neskameak. Gaxuxak, Ravelen etxean lan egiten zuen neskak.
Diotenez. Esaten dutenez.
Nahiago zuen musika sortu jo baino. Gehiago gustatzen zitzaion musika sortzea jotzea baino.
Jaioterrira itzultzen. Jaiotako herrira, sorterrira, itzultzen.
30 urtetik beherako musikarientzat. 30 urte ez zituzten musikarientzat.
Kamioilari gisara. Kamioi-txofer modura.
Piezak aurrera egin ahala indartsuago. Indar handiagorekin, pieza aurrera doan neurrian.
Asko makaldu zen. Indarra asko galdu zuen, sendotasuna.
Boleroan oinarrituta. Boleroa aintzat hartuta.
Etorbide. Abenida.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
May 2, 2017
Number: 11661999
Number of visits: 2229