Aldizkari Digitala

Aitzol Aramaio: "Motibatzen nauten istorioak kontatu nahi ditut"

40 urteko zinemagile euskaldunaren heriotzak ezustean harrapatu gaituen honetan, 2003an Goizalde Landabasok HABE aldizkariarentzat Aitzol Aramaiorekin egindako elkarrizketa berreskuratu dugu. Veneziako zinema jaialdian ikus-entzuleen saria eskuratu zuen 2003an 'Terminal' lanarekin. Bere lehenengo film laburra izan zen berau. Hala ere, kamara ez zen arrotza Aramaiorentzat, bideo-klip edo dokumental ezberdinetarako lan egin baitzuen.

HABE: Zinemarako egindako lehenengo sartu-irtena, ez da azkena izango noski?

Aitzol Aramaio: Ez, ez. Istorioak asko gustatzen zaizkit eta kontatzeko besterik aurkitzen badut jarraituko dut.


HABE: Hain goraipatua izan den lana egiteak ez dakar hurrengoetarako bertigorik, zorabiorik?

A.A.: Nik ez dut sentitzen ezelango arrakastarik. Esan nahi dut: sari batzuk jaso ditut baina besterik ez. Ez dut presiorik sentitu. Honek daukan onena zera da: zeure bidea eta zeure kontatzeko moduan zehaztu arazten dizula, baina zorabiorik eta, ez.


HABE: Film laburretatik bizitzea ez da erreza izango.

A.A.: Ia ezinezkoa da hemendik bizitzea. Jaialdi asko eta asko zeharkatu behar dituzu, eta hala ere nekez lor dezakezu. Film luzea egiten baduzu eta ondo irteten bada, beharbada. baina laburmetraietatik ez da erreza, ez.


HABE: Hau galdetu behar dizut, luzemetraiaren baterako asmorik bai?

A.A.: Badakizu zer gertatzen den? Luzemetraiarena oso prozesu luzea dela, eta oso garestia. Diru asko behar da. Istorioak zeharo harrapatu behar zaitu eta dirua izan behar duzu, jakina. Istorio on bat aurkitzen badut, baliteke, baina hori baino gehiago bada. Digitalean ez bada ia ezinezkoa da film luzea egitea; badiotsut, kontatzeko istorioa baino zerbait gehiago da.


HABE: Zorioneko zara baina. Izan ere, Canal + telebista kateak erosi dizu film laburra.

A.A: Bai eta oso pozik nago. Zabalkunderako bide ezin hobea izango da, eta medioko jende askok ikusiko du. Horrek asko lagunduko du, zalantzarik ez dago. Datorren on denak laguntzen du eta alde horretatik zorte onekoa naiz.

 


HABE: Azken bolada honetan laburmetraiek ustekabe ederrak eman dituzte, Venezian zeureak, Cannes-en Koldo Almandozenak, Bolognan Urtzi Alfaro gaztearenak... euskal zinema labela film laburrek emango al dute?

A.A: Berton egiten dena, oro har, kalitate handikoa da. Eusko Jaurlaritzaren 'Kimuak' egitasmoak asko lagundu du honetan. Venezian ere jaso zuten 'Kimuak'-en alerik, eta zur eta lur geratu zirela esan zidaten. Hala ere, nire ustez film luzeak egin beharko lirateke. Azpiegituraren bat sortu beharko litzateke, oinarriren bat. Eta 'euskal zinemaren' etiketa hori ez zait asko gustatzen. Komuneko zerbait izan beharko genuke, estilo antzekoa, edo ez dakit oso ondo zer baina ikusterakoan, dzast! 'hori Euskal Herrikoa da' esan beharko genuke. Eta film laburrei begiratuta ikusten dut kontatzeko oso modu ezberdinak ditugula batzuk eta besteok.


HABE: Esaten dute film laburrek ez dutela zabaltzeko bide oso zehatzik izaten eta ibilbide berezia, bere-berea dena sortu beharko litzatekeela.

A.A.: Bai hori egia da. Zaila da laburmetraia sartzea, orain bideo-klub eta elkarte ezberdinei esker gehiago ematen dira. Baina, hala eta guztiz ere, ibilbideren bat beharko luke. Azken batean, bere-berezko tokia zinema-tokia da. Bertan eman beharko litzateke, bere toki naturalean. Gero, noiz eta zelan eman? Hori enpresaren araberakoa izango litzateke. Batzuk esaten dute arinago bota behar dela, beste batzuk film luzearen ostean. Horiek azkenean xehetasunak baino ez dira.


HABE: 'Terminal' lanean tripetatik ateratako istorioa dela esan zenuen...

A.A.: Ni Ondarrukoa naiz eta bertan heroinak itzelezko sarraskia egin zuen. Nere inguruan oso present egon zen, hur-hurrean izan dut nik, eta gogor jo ninduen. Hori kontatu nahi nuen. Eta gero beste istorio batzuk ere nahastu dira, edo batu, ez dakit oso ondo. Roberto Mosok idatzitako ipuin bat tartean da, esaterako.


HABE: Eta oso oker ez banago Manu Chaoren kantu batean agertutako esaldi bat ere erabakigarria izan zen.

A.A.: Bai horrela da. Bartzelonako Rambletan nengoen eta han ikusi nuen Mano Chao turista batzuen aurrean jotzen. Halako batean jonkie bat agertu zen, eta bere aurrean dantzan eta kantuan hasi zen. Turistei ez zitzaien batere gustatu, eta esan ere, esan zioten drogazaleari. Gorriak eta beltzak esan zizkioten. Manu Chao beregana joan zen eta honela kantatu zion: 'Tú no tienes la culpa, mi amor, de que el mundo sea tan feo...'. Eta tupustean burura etorri zitzaidan, 'Hara! Badut istorioa'.


HABE: Hain garrantzitsuak al dira bizipen pertsonalak zerbait kontatzerakoan?

A.A.: Bai, badira. Diren moduan, ordea, ez dituzu kontatzen. Beti makilatzen dituzu, edo irudimenak sortutako beste batzuekin uztartu. Nik azkenean barruan neraman guztia bota nahi nuen, malaletxe guztia, denbora lar barruan zegoena. Baina, bada baita maitasun istorio ederra, samurtasun handia, badira beste gauza asko gehiago ere.


HABE: Ez dagoena berba da, hitza.

A.A: Bai, hitzik ez du, ez. Veneziako jaialdira arte bazuen berbarik, baina arantza ondo sartuta nuen. Jakin nahi nuen ezer esan gabe ulertzerik ote zegoen, eta esperimentu gisara-edo mututu egin genuen 'Terminal'. Eta funtzionatu egin du. Beraz, horren aldeko apustua egingo dut hemendik aurrera.


HABE: Bilboren irudi ezberdina eman nahi izan duzu...

A.A.: Bilbo bi agertu nahi nituen: batetik, modernizazio zirimolan sartuta dagoen Bilbo, eta bestetik, ezkutuan gordeta dagoena. Oraindik ere existitzen dena, iragan goriago baten hondarrak dituena, eta horregatik Bilbo Zaharrean errodatu genuen. Las cortes eta hortik, eta oso aberasgarria izan zen. La Otxoarekin eta joan ginen, hangoak direnekin, eta oso ondo ibili ginen.


HABE: Gogorra ere izango zen...

A.A: Neuri ez zitzaidan oso gogorra egin. Nik ezagutzen ditut bazter horiek, badakit zer ote dagoen, badakit askok kalea dutela bizitoki. Batek, izan ere, halaxe esan zigun: hura bere etxea zela eta zerbait grabatu behar bagenuen ordaindu egin behar genuela. Garagardo batzuetara gonbidatu genuen. Latza da inguru hori, baina aldi berean, badu zerbait xarmangarria, laztasun guztiak izaten duten eran.


HABE: Esaten dute zinemagileek lana muntatu ostean lan eurena izateari uzten diola. Zein neurritaraino dagoeneko ez da zeurea 'Terminal'?

A.A: Bai esan, esaten dute. Oso lotura afektibo indartsua dut nik berarekin, eta egia da bere kabuz badabilela: jaialdietara doa, arrakasta du edo ez... Baina, azkenean, berarekin joan behar duzu. Ume baten antzekoa da; eta nik uste dut, oraindik ere badela apurtxo bat nirea.

Interesatzen zaizu

  • HABE Aldizkaria - 339 alea

    HABE Aldizkaria - 339 alea

    HABE Aldizkaria - 339 alea AURKIBIDEA 05 SAREAN Egunez egun, esaldiz esaldi egutegia HABE @ldizkarian 06 GAURGERO MOTZEAN 07 GAURGERO • Aisa, etorkinak euskalduntzeko materiala • Ele anitzetako programa: euskara, gaztelania eta ingelesa elkarrekin komunikatzeko • Prest al zaude, emakume, gau-jai sexyetan parte hartzeko? 14 GAURGAZTE Gaur egungo gazteek nahi dutena egiten dute 15 INTERESGUNEA Lanbideak lehen eta orain 23 HAMAIKA TRIKIMAILU Igor González de Galdeano 24 ELKARRIZKETA Aitzol Aramaio: “Motibatzen nauten istorioak kontatu nahi ditut” 26 OSTUTAKO PASARTEAK 30 ZINEA Izerdi hotzak 32 KOMIKIA Aritz pilotaria: Nayarit-eko altxorra (VIII. atala) 36 KULTURONTZIA • Berrogeita hamar gehi bat • Amable Ariasen marrazki ikusezinak   Eranskina: Lan bila nabil Ikastunitatea.

    HABE Aldizkaria - 339 alea
  • HABE Aldizkaria - 339 alea

    HABE Aldizkaria - 339 alea

    HABE Aldizkaria - 339 alea AURKIBIDEA 05 SAREAN Egunez egun, esaldiz esaldi egutegia HABE @ldizkarian 06 GAURGERO MOTZEAN 07 GAURGERO • Aisa, etorkinak euskalduntzeko materiala • Ele anitzetako programa: euskara, gaztelania eta ingelesa elkarrekin komunikatzeko • Prest al zaude, emakume, gau-jai sexyetan parte hartzeko? 14 GAURGAZTE Gaur egungo gazteek nahi dutena egiten dute 15 INTERESGUNEA Lanbideak lehen eta orain 23 HAMAIKA TRIKIMAILU Igor González de Galdeano 24 ELKARRIZKETA Aitzol Aramaio: “Motibatzen nauten istorioak kontatu nahi ditut” 26 OSTUTAKO PASARTEAK 30 ZINEA Izerdi hotzak 32 KOMIKIA Aritz pilotaria: Nayarit-eko altxorra (VIII. atala) 36 KULTURONTZIA • Berrogeita hamar gehi bat • Amable Ariasen marrazki ikusezinak   Eranskina: Lan bila nabil Ikastunitatea.

    HABE Aldizkaria - 339 alea
 
 

Comments
Login for comment

B2
Jun 17, 2003
Number: 108956
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 3745